Azkoitian ez bezala, Lizarran erabat nagusitu zen etxarrendarra atzeko koadroetan. Egindako huts bakarra pilota frontisetik errebotean zuzenean jartzeko ahaleginean ihes egin zion bat izan zen. Peio Etxeberriak etekina atera zion bere nagusitasunari.
Historia handiko herria da Lizarra zaharra, ohitura handikoa bere San Andres feria ere, eta pilotaren memorian bere lekua egin nahi duen Jose Javier Zabaletak bertan aurkitu du gutxienez azken hamarkadako atzelaririk onena izatera eraman duen jokoa. Lehen jardunaldian tradizio handiko beste kantxa batean zalantzati aritu bazen, atzokoan sailetik apartekoa den bere ohiko maila berreskuratu zuen Remontivalen eta, Lau eta Erdiko finalaren bestondoa gaindituta, askoz eraginkorrago aritu zen Peio Etxeberria batekin, txapelketako lehen puntua eskuratu zuten Elezkano eta Martijaren gainetik pasatuta (22-9). Egungo atzelari txapeldunak, ezker-eskuin, frontisetik oso urrun ibili zituen pilota eta Martija. Txapelerako oso kontuan izan beharreko bikotea direla berretsi zuten, atzelari etxarrendarra bere mailan aritzen den guztietan gertatu ohi den bezala.