Altuna III.ak, ezker besoan inolako minik sentitu gabe, ez zion Olaizolari bere jokoa egiten utzi eta ligaxkako lehen puntua lortu zuen
Gara. «Astelehena, jai ondoko alperra, lanik ez egiteko, ez goaz lanera, ez goaz lanera», dio euskal abesti herrikoi eta haur-kantak. Tolosako Beotibar pilotalekuak inork baino hobeto daki zer den astelehenetan pilota partidak hartzea, batzuetan ikusle askorekin eta beste batzuetan ez horrenbesterekin. Baina atzokoan pilotazaleek ez zuten hutsik egin. Eta Jokin Altunak eta Aimar Olaizolak lanerako prest zeudela erakutsi zuten. Bi pilotari handi hauek ikusmina sortu zuten euren arteko neurketarekin, batez ere Amezketako aurrelariak ezker besoan izandako mina nola jasango zuen egiaztatzeko.