Urteroko ohitura beteko du Altunak, azken bost urteetan jokatu baitu final bat gutxienez. «Oso pozik» dago Jaka, haren lagun handia, «lan gogor eta onaren fruitua» jasotzen ari delako. Baina buruz buruko bigarren txapela janztea baino ez du buruan
Berria. Jokin Altunak (Amezketa, Gipuzkoa, 1996) aspaldi erabaki zuen koronabirusak eragindako osasun egoera kezkagarriaren aurrean bere burua «ahalik eta gehien zaintzea eta babestea». «Entrenatu, jokatu, etxe azpiko dendan erosketak egin, eta etxera; horra nire egunerokoa aspaldian», aitortu du. Bi hilabete daramatza kuadrillarekin mahai baten bueltan eseri gabe. Segurtasun neurri horiek guztiak muturrera eramango ditu aste honetan. Ez du nahi ezerk eragoztea Buruz Buruko Txapelketako finala jokatzea. «Sekulako faena litzateke finalaren astean gaixotzea». Bigarren finala du buruz burukoan. 2018an jokatu zuen aurrenekoa, igandeko toki berberean, Bilbon, eta txapela jantzi zuen, Aimar Olaizolari 22-14 irabazita. Igandean, «lagun handi baten» aurka ariko da: Erik Jakaren kontra.