Aurrelari bizkaitarra 16-22 nagusitu da, Bilbon, eta, horrenbestez, zehaztuta geratu da zeintzuk izango diren finalerdietako bi partidak: maiatzaren 20an, Iruñean, Jokin Altunak Joseba Ezkurdiaren kontra jokatuko du, eta hilaren 21ean, Gasteizen, Dariok Elordi izango du aurkari.
Aitor Elordik 16-22 menderatu du Unai Laso ostiral gauean, Bilbon, Buruz Buruko Txapelketaren final-laurdenetako ligaxkako hirugarren jardunaldian, eta, hortaz, txapelketa horretako finalaurrekoetarako sailkatu da. Finalerdian Dario izango du aurkari; partida maiatzaren 21ean jokatuko dute (igandea da), Gasteizen.
Hil ala bizikoa zen partida irabazi du Elordik; izan ere, irabazleak finalerdietarako txartela bermatzen zuen, eta galtzailea, aldiz, txapelketatik kanpo geratzen zen. A multzoan, Jokin Altunak ziurtatuta zuen finalaurrekorako sailkatzea, eta Lasok eta Elordik zuten aukera aurrelari gipuzkoarrarekin batera aurrera egiteko.