Mariezkurrenak atzeko koadroetan irekitako zuloei etekina aterata, Erik Jakak sekulako erremate erakustaldia eman zuen Barañainen. Baikokoak sailkapenaren lehen postuan dira, jarraian hirugarren partida galdu duten Elordi-Rezustari irabazita.
Binakakoaren azken postuari ihes egiteko borroka inoiz baino beroago dago, Altuna-Martijak Artola-Martijaren aurka lortutako garaipenarekin (22-13) lau bikote baitaude bina punturekin sailkapeneko azken postuetan. Goiko aldetik ere gauzak are gehiago estutzeko modua zuten Elordi eta Rezustak Barañainen, baina ezin izan zuten Jaka-Mariezkurrenarekin, eta Baikokoek berretsi zuten bi lehenen artean amaitzeko hautagai nagusienetako batzuk direla.