Altuna III.ak eta Ezkurdiak gustuko pilotak aukeratu dituzte igandeko finalerako. Biek ala biek bizien alde egin dute. Ia 300 sarrera gelditzen dira txarteldegian, guztien %10.
«Bilbon edo Iruñean jokatu alde handia dago, pilotaleku oso ezberdinak dira». Gorka Altunaren begi klinikoaren diagnosia da, Bilboko Bizkaia pilotalekuko kontrakantxatik eginikoa. Bertan eseriko da igandean lehengusuari aholku emateko. Pilotalekua bi pareta eta zoru gogor bat baino gehiago da. Hura eraikitzeko aukeraturiko harriak zein arkitektoen gutiziek ezaugarri oso ezberdinak eransten dizkiete kantxei. Baina, partida aldatzeko adina? Joseba Ezkurdiak baietz uste du, Jokin Altunak ezetz. Hala azaldu dute biek lau eta erdiko txapelketako finalerako pilota aukeraketan.
+ info: https://www.berria.eus/albisteak/220833/bilbok-nori-egiten-dio-mesede.htm.