Mallabitarrak estu hartu du Altuna, ausart eta erasokor jokatuta, baina hura mendean hartzeko ez da nahikoa izan (18-22). Amezketarra finalerdietan da.
«Asko jokatu duzu. Bai, baina hala ere, galdu». Ezin hobeto laburbildu zuen Elordik EITBko kameren aurrean atzo Eibarren gertatutakoa. Bete-beteko dema jokatu zuten Altuna III.ak eta Elordik, eta askotariko tantoak egin zituzten: boleaz, dejadaz, sakez, gantxoz… Astelena pilotalekura hurbildu ziren zaleek gozatu ederra hartu zuten. Ez, ordea, Elordik. Partidako hainbat unetan amezketarra estu hartu bazuen ere, ez zen nahikoa izan hura mendean hartzeko.