Txapelketa osoan egindako lan bikaina biribildu dute Danel Elezkanok eta Jose Javier Zabaletak finalean, Jon Ander Peñari eta Jon Ander Albisuri nagusitasunez irabazita: 22-7. Hirugarren txapela du atzelariak; bigarrena aurrelariak. «Bikote ona» egin izana nabarmendu dute
Berria. Zeharo hunkituta eta malkoei eutsi ezinda: halaxe egin zituzten Danel Elezkanok (Zaratamo, Bizkaia, 1994) eta Jose Javier Zabaletak (Etxarren, Nafarroa, 1991) herenegun Binakako Txapelketako finala irabazi osteko lehen minutuak. Txapela irabazitakoak ziren biak, bitan Zabaletak eta behin Elezkanok, baina sentimenduek gainezka egin zieten. «Jende askorekin gogoratu ginen, besteak beste, jada gure artean ez daudenekin, eta hunkitu egin ginen», aitortu dute biek, txapela irabazi osteko egunean.