Ezkurdia distirarik gabe, baina lan serioa eginda sailkatu da buruz burukoaren finalerdietarako. Jakak hamar huts garbi egin ditu
Berria. Hortzak eta ukabilak estutu, eta oihu ozen bat Labriteko zalapartaren erdian. Joseba Ezkurdiak horrela ospatu zuen atzoko partidako garaipena. Erik Jaka agurtu ondoren egin zuen, kantxan bertan, eta segundo bateko barne hausnarketaren ondoren. Arbizukoak pisu bat gainetik kendu berri zuen. Emaitza ikusita (22-14), gehiegizko erreakzioa zirudien; partida ikusita, berriz, ulerterraza. Erik Jakak estu hartu zuelako, eta, batzuetan, gorriak ikusarazi zizkion. Ezkurdiak, baina, kantxan hobeto egoten jakin zuen, eta, batez ere, opari gutxiago egin zituen. Garaipenari esker, buruz buruko txapelketako finalerdietarako sailkatu da, eta gaur jakingo du zein den hurrengo aurkaria, Bilbon, Oinatz Bengoetxeak eta Mikel Urrutikoetxeak jokatuko duten partidan.