Urrutikoetxeak eta Aretxabaletak helburu argia dute gaur Larraintzarren: Irribarria eta Zabaleta finalerdietara gerturatzea eragoztea
Berria. Binakako Txapelketako ligaxkan, azken esprintari ekingo diote gaur. Bi jardunaldi falta dira bukatzeko, eta bost bikote daude lehian finalerdietan sartzeko azken hiru tokiengatik. Ezkurdiak eta Galarzak oso aldapa gora dute, baina, matematikek aurkakoa esan arte, balizko kinieletan sartu behar dira. Azken-aurreko jardunaldia Larraintzarren (Nafarroa) hasiko da, gaur, Urrutikoetxea-Aretxabaleta eta Irribarria-Zabaletaren arteko partidarekin. Dena den, korapiloa ez da askatuko hurrengo astera arte, jardunaldi honetan partida bakarra baitago finalerdietan sartzeko hautagaien artean.