Pozez gainezka azaldu dira Joseba Ezkurdia eta Julen Martija, binakako txapela irabazi ondorengo egunean. Osasun egoera dela-eta ospakizunak ezohikoak izan arren, aitortu dute familia giroan afari eder bat egitea nahikoa izan dutela
Berria. Inoizko txapelketarik luzeena, eta inoizko gaurik motzena. Herenegun binakako txapela jantzi ondoren, biharamun handirik gabe azaldu ziren atzo Joseba Ezkurdia eta Julen Martija, Etxeberriko pilotalekura (Nafarroa). Ospakizun handirik egin gabe, alegia. Halako balentria bat lortu arren, etxekoekin mahai inguruan egotera mugatu behar izan zuten haien ospakizuna bi txapeldunek. Hori bai, Etxeberrin eta Arbizun (Nafarroa), bietan ireki zuten xanpain botila. «Ireki ez ezik, hustu ere egin genuen guk», aitortu zuen Ezkurdiak. Profesional ibilbidean laugarren txapela eskuratu zuen Aspeko aurrelariak. Martijak, berriz, estreinakoa izan zuen. «Oraindik sinetsi ezinda nago; zeruan sentitzen naiz», zioen, irribarre betean.